Gipuzkoako paisaia ezagutzeko gidalerroak

Klima

Gipuzkoako klima epela eta ozeanikoa da, gorabehera termiko gutxikoa. Ezaugarri horiek kokapenari zor zaizkio; izan ere, honako elementu hauek mugatzen dute: Pirinioek, Kantauriar mendikateak, Ebro ibarrak eta Kantauri itsasoak. Horrenbestez, klima ozeanikoa da itsasoarengatik, baina mediterraneo ukitua ere badu, Ebro ibarrarengatik. Uda freskoak eta negu epelak izaten dira. Udako batez besteko tenperatura 18,2 °C-koa da, eta negukoa 8,1 °C-koa (14 °C urtekoa). Gipuzkoako urteko batez besteko tenperaturarik beroenak kostaldean egiten ditu, batez ere ipar-ekialdeko kostaldean, Donostia eta Irun inguruan. Hala ere, Gipuzkoako haran nagusiak nahiko epelak dira (Deba, Urola eta Oria), batez ere ondoko mendiekin alderatuta (Aizkorri, Aralar eta Hernio mendilerroak).

Urte guztian zehar euria egiten badu ere, 1.400 mm urteko eta metro karratuko, udazkenean eta negu hasieran pilatzen da batez ere. Kostaldean, oro har, euri gehiago egiten du barnealdean baino. Haranetatik mendietara joanez gero, prezipitazioek gora egiten dute. Mendebaldetik ekialderako gradiente bat ere bada, lehorrenetik hezeenera. Gipuzkoako ekialdea bereziki euritsua da, hasi Berastegi ingurutik eta Aiako harriraino.

Haizea oso ohikoa da; urtean zehar, nagusi izaten dira ipar-haizea, ipar-mendebaldekoa eta hego-haizea. Egunen % 2 bakarrik izaten dira haizerik gabekoak. Gipuzkoa hodei askoko lurraldea da: egunen % 10 egoten da oskarbi, eta batez beste 1.830 eguzki-ordu ditu urteko, bost bat ordu eguneko.

Gipuzkoako prezipitazioen mapa. Urdin argitik ilunera, euri gutxien eremu argienetan egiten du (1.033 mm urteko) eta ilunenak dira euritsuenak (2.500 mm urteko).

Gipuzkoako batezbesteko tenperaturen mapa. Gorri argitik ilunera, zonalde epelenak argienetan daude (9 ºC) eta ilunenak dira beroenak (16 ºC).

Ingurune fisikoa

Historia geologikoa

Euskal Herria eta, beraz, Gipuzkoa bera ere urpean egon dira beren historia geologiko gehienean, duela 280 milioi bat urte ingurura arte. Orduan, lurrazala tolestuz joan zen milioika urteren poderioz, eta horrek eragin handia izan zuen lurraldean. Hainbat indar eta talkaren ondorioz itsas hondoa altxatu, eta Aiako Harria-Bianditz, Bortziriak eta Aldude-Kintoa mendiguneak sortu ziren. Garai geologiko horietan zehar azaleratutako mendiguneak higatuz joan ziren, eta errekek itsasora garraiatzen zuten higatutakoa.

Duela 250-215 milioi urte arteko itsasertza oraindik ere igar daiteke Oiartzun Haranean (Irun, Urdaburu, Leitzaran, Berastegi...) Jurasikoan (duela 210-140 milioi urte), arro sedimentarioa hondoratu, eta lehendik azaleratutakoa ia erabat urperatu zen.

Kretazeoan (duela 140-65 milioi urte), sakonera txikiko itsasoak eta klima tropikala ziren nagusi, eta koralak hedatu ziren. Koral-jatorriko arroka karbonatatuz osatutako metaketa izugarriak karezko euskal mendigune garrantzitsuenak dira gaur egun: Aralar, Aizkorri, Hernio, Izarraitz, Anboto, Gorbea, Udalatx…

Duela 40 milioi urte, lurrazalak astindu biziak jasan zituen, Eurasiako eta Iberiako plaka tektonikoek talka egin zutelako. Talka horiek itsas hondoa altxarazi, eta euskal mendiak eta Pirinioak urgaineratu zituzten.

Historia geologikoa dela eta, hainbat arroka mota dago Gipuzkoan: kareharria, hareharria, granitoa, tuparria, arbela, buztina...

Lurzorua

Lurzoruaren ezaugarrietan hainbat faktorek eragiten du, hala nola arroka amek, prezipitazioek eta izaki bizidunek. Gipuzkoako litologia askotarikoa da; horrek, ordea, ez du uste bezainbesteko eraginik lurzoruan. Izan ere, prezipitazio-ugaritasunak lurzoru gehienak berdintzen ditu. Lurzoruan landareentzako mantenugaiak egoten dira, uretan disolbatuta, eta, euri asko egitean, disolbatutako mantenugaiak erreketara garraiatzen ditu urak, eta, ondorioz, lurzoruak pobretzen dira. Beraz, lurzoruak jatorri aberatseko harrietan egon edo pobrekoetan egon, askotan, baldintza antzekotan amaitzen du, aldapa handiko eremuetan batez ere, aldapak uraren mugimendua errazten baitu. Lurzoru txiroek normalean pH baxua edukitzen dute, 5,5 baino apalagoa, eta aberatsek, berriz, 5,5etik gorakoa. Horrela bereizten dira lur azido eta basikoak, pobreak eta aberatsak.

Bestalde, hostozabalen basoak dakarren materia organikoak ere laguntzen du lurzoru azido eta basikoen arteko aldea txikitzen.

Dena den, orokorrean esan daiteke hareharri, granito eta karerik gabeko harrietatik sortutako lurzoruak azidoak direla eta lurzoru basikoak karedun harrietatik sortzen direla, hala nola kareharritik eta tuparritik. Arroka ama kareharria izan eta lurzorutik gertu dagoenean, pH neutrora gerturatzen da, landareak hazteko pH optimora. Horrelako lurrak haranetan edota eremu harritsuetan egoten dira.

Gipuzkoako lurzoruak gazteak dira; izan ere, lurrak aldapa handiak ditu, eta horrek eragindako urradurak ez du ahalbidetzen behar bezain eraketa-prozesu luzerik. Lurzorua sortzeko, mendeak behar dira, eta prozesu horretan parte hartzen dute, besteak beste, hosto, onddo, animalia eta bakterioek.

Orografia

Gipuzkoa lurralde menditsua da, hasi hegotik eta iparreraino. Ingurune menditsuena hegoaldean dago, eta lauena, ipar-ekialdean. Kostaldea ere malkarra da, eta horren adibide dira Jaizkibel, Ulia eta Mendizorrotz mendiak. Lurraldearen erdialdean jada badaude garaiera handiagoko mendiak; Aiako harria, Hernio, Izarraitz eta Murumendi, kasurako. Hegoaldea da menditsuena, eta han daude, gainera, mendirik altuenak. Arabarekin mugan daude Elgea, Aloña eta Aizkorri, eta azken horretako Aketegi da lurraldeko mendirik altuena (1.551 m). Nafarroarekin mugan, Aralarko mendilerroa dago.

Gipuzkoako orografia mapa. Berdetik marroira agertzen dira altitudeak: berdea haranak eta marroiak mendi gailurrak dira.

Berezko basoa

Landaredia zenbait eragilek baldintzatzen dute, hala nola klimak, lurzoruak eta izaki bizidunek. Inguruko landaredia bere kasa eta dinamiken esku utzi izan balitz, Gipuzkoa baso litzateke. Hala ere, egongo litzateke basorik gabeko eremurik (mapako zuriuneak); horren adibiderik garbienak dira amildegiak (kostaldean zein mendian), padurak, dunak, eremu harritsuak eta zohikaztegiak. Hala ere, esan bezala, basoa gailenduko litzateke Gipuzkoako paisaian. Lurrik hezeenetan –erreka- eta ibai-bazterretan, alegia–, haltzadia nagusituko litzateke, eta lurrik lehorrenetan, berriz, ameztia eta artadia. Gainerako eremuetan, orokorrean, garaiera eta aldapa izango lirateke baldintzatzaile nagusiak. Hala, leku altu edota laiotzenetan, pagadia gailenduko litzateke; haranetan, berriz, bi baso mota nagusi izango lirateke: leku aldapatsuenetan, lur txiroetako hariztia, eta, leku lauetan, berriz, lur aberatsetako hariztia.

Gipuzkoako berezko basoen mapa. Gizakiaren eraginik gabe nagusituko liratekeen baso-habitatak dira. Hutsuneetan bestelako landaredia gailenduko litzateke.

Basoen historia

Historiaurrean eta Antzinaroan, nahikoa baliabide zegoen gizataldeek basotik behar adina material ateratzeko. Izan ere, gizartea abeltzaina zen ia erabat, eta nekazarien baso-mozketak jasangarriak ziren basoentzat. Beraz, pentsa daiteke basoaren egoera oraingoa baino naturalagoa zela. Besteak beste, haritza, gaztainondoa, ametza eta pagoa ziren nagusi.

Aurreko garaietan bezala, Erdi Aroaren hastapenetan ere basoaren ustiapena nahierara egiten zen. Hala ere, demografiak gora egitearekin, basoko baliabideen lehia hasi zen, eta, ondorioz, murrizketak ezarri ziren ustiapenean (haritzaren eta gaztainondoaren ustiapenean). XV. mendean, burdinola ugari eraiki ziren, eta horrek ere handitu zuen egur-eskaria, basoaren kaltetan. Garai hartan, eraikuntza, burdingintza eta ontzigintzarako erabiltzen zen oro har egurra, eta, erabilera hainbestekoa izanda, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zen herri bakoitzak urtean 500 haritz edo gaztainondo landatzea.

XVIII. mendean, basoaren egoeraren gaineko erantzukizun zuzena izan zuten burdingintzak, ontzigintzak, abeltzaintzak eta nekazaritzak. Hori gutxi ez, eta Konbentzio eta Independentzia gerrek egur-kontsumo handia eragin zuten. Gainera, gastuak handitu zirenez (medikuak, irakasleak...), herri asko zorpetuta zeuden. Ondorioz, basorako dirurik ez, eta tokiko landareak birlandatzeari utzi zioten; horrenbestez, basorik ez zen biziberritzen, eta basotik dirua ateratzeko aukera galdu zen.

Aro Garaikidean, garrantzi handia izan zuten zuhaitzen gaixotasunek. 1860. urtean, gaztainondoaren tinta ailegatu zen Nafarroa Beheretik Gipuzkoara, eta, 1907. urtean, oidioak haritza hartu zuen.

XX. mendean, Aldundiak basoak berreskuratzeko Baso Zerbitzuak sortu zituen. Udalekin kidetuta, intsinis pinua (Pinus radiata) landatu zuten 400 metrotik behera, eta, hortik gora, laritza (Larix sp.) eta larizio pinua (Pinus nigra).

1950etik aurrera, baserritarren bizitza aldatu, eta autokontsumotik merkatu-erregimenera igaro zen. Laborantzako lurrak uzten eta pinua landatzen hasi ziren, gero paper-fabrikei saltzeko. Landaketa gehienak jabetza pribatuko lurretan egin ziren, eta, horrela, mendi-industria paper-industriara bideratu zen pixkanaka.

1984. eta 1993. urteen artean, egurraren salneurriek krisialdi sakona izan zuten (AEBtik, Txiletik eta Errusiatik ekartzen zen egur merkeagoarengatik eta paper-fabriken krisialdiarengatik, besteak beste). Egoera horrek gaurdaino iraun du; prezioak ez dira altxatu, eta, gainera, 2018ko udan, beste izurrite batek jo zuen pinua: banda marroia. Horrenbestez, egun, pinudi asko utzita daude erabat. Baso-eremuak inon mantentzekotan, babes-eremuetan mantentzen dira; bestela, pinuaren (eta bestelako landaketen) nagusitasuna nabarmena da.

Basoen garrantzia

Basoak ezinbesteko ekosistema dira gizakion bizitzarako. Hain garrantzitsuak izaki, definizio egoki batekin hastea da aproposena. Liburu honetan baso esaten denean, honako hau esan nahi da:

Gutxienez hektarea erdiko eta % 40ko zuhaitz-estaldura duen eremua, tokian tokiko espeziez osatutakoa, egur hila eta hainbat adinetako zuhaitzak dituena.

Basoen garrantzia askotan ez da begi-bistakoa izaten, eta baso-galeraren ondorioz sortutako kalte batzuk ez dira berehalakoan igartzen. Orduan, zergatik dira basoak hain garrantzitsuak?

Hasteko, biodibertsitatearen gordailu dira, eta dibertsitatea gordetzea ezinbestekoa da, ekosistemen funtzionamenduaren oinarri delako, eta, hortaz, beraren mende gaudenon osasunaren eta oparotasunaren zimendu.

Lurzorua eta ura babesteko, ezinbestekoak ditugu basoak. Gipuzkoan, oso lurralde aldapatsua izaki, euria da higatzaile natural nagusia, eta, euria egiten duenean, aldapetako lurra galtzeko arrisku handia izaten da. Zuhaitzak euren sustrai-sistemekin heltzen zaizkie lurrari, eta urari zailagoa zaio lurra eramatea. Bestalde, orbelarekin, lurzorua sortzen da (mende askoan zehar), eta horrek belaki modura jokatzen du, hezetasuna mantenduta. Euria zuzenean maldan behera errekara joan beharrean, lurzoruak xurgatzen du. Eurite handienetan, aldiz, ur asko xurgatu, eta ondorengo ordu eta egunetan askatzen du; ondorioz, uholde-arriskua txikitzen du.

Gainera, basoak erabakigarriak dira karbonoaren zikloan eta, horrenbestez, klimaren erregulazioan. Basoetako landareek karbono asko finkatzen eta metatzen dute fotosintesiaren bidez, eta orbelaren bidez ere karbono ugari gordetzen da lurzoruan. Hori dela eta, basoak epe luzeko karbono-gordailu dira. Aldaketa globalaren garaian bizi garenez, eta karbono-isuriak izugarri murriztea ezinbestekoa izanda, karbonoa atmosferatik kendu eta epe luzean gordeta mantentzeak aldaketa globala leuntzen laguntzen du.

Hori gutxi balitz bezala, basoetatik hainbat produktu eskuratu ditzakegu. Ezagunena egurra da, zeina eraikuntzarako edo energia lortzeko erabil baitaiteke. Baina basoak egurra baino gehiago dira, beste hainbat produktu ere eskuratu baitaitezke bertatik: produktu jangarriak, aziendarentzako bazka, osasungintzarako osagaiak, lurrin eta kosmetikoak egiteko lehengaiak, koloratzaileak, apaingarriak eta lanabesetarako edota eskulangintzarako hainbat material.

Basoek balio espirituala eta aisia-balio handia ere badute. Egunerokoan jende askok baliatzen du bere denbora librea baso-inguruetara joateko, izan mendi, izan askaldegi. Bestalde, baso-baliabideez gozatzeaz gain, naturari lotutako turismoak gero eta garrantzi handiagoa du.

Orain artekoez landa, basoek beste hainbat eragin ere badituzte: prezipitazioak areagotzen dituzte, eta, era berean, uraren lurruntzea gutxitzen dute. Hori dela eta, erreketako ur-emaria handitzen dute. Gainera, lurgaineko eta lurpeko uraren banaketan eragiten dute, eta uraren kalitate ona mantentzen. Azkenik, erreka-bazterrak uraren indarretik babesten dituzte.