Ameztia
Ameztia. Raúl Domínguez Pazo.
Baso honentzako klima aproposena hegoalderago dago, Araba aldean, non beste lurzoru eta klima batzuetan gailentzen baita. Atal honetan deskribatuko ditugun ezaugarriak Gipuzkoako populazioei dagozkie. Gipuzkoako ameztiak batez ere hareharri oso iragazkorretan nagusitzen dira, kostaldean eta barnealdean (Arabarekiko mugan). Gipuzkoako ameztirik esanguratsuena Jaizkibelen dago.
Ameztiek klima epela eta lurzoru txiroak dituzte gustuko; eta, Gipuzkoan, euri kantitateagatik, ongi drainatutako lur aldapatsuetan edo mendi-gailurretan nagusitzen dira. Ameztiek orokorrean baso gazteen itxura dute, enbor fineko zuhaitz txikiz josita egoten direlako. Itxura hori batetik ametzaren biologiak eta bestetik basogintzak zehazten dute. Izan ere, herrestadarrak garatzen ditu, eta zuhaitz beretik enbor ugari sortzen dira. Denborarekin, enbor gehienak hil eta enbor bakarrak irauten du, eta ale mardul bilakatzen da. Ameztietan zaila izaten da neurri handiko enborrak ikustea, egurra lortzeko erabiltzen baitira.
Ameztiaren banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).
Baso itxiak izaten dira, eta, ametza (Quercus pyrenaica) gailentzen bada ere, beste hainbat espezie ere agertzen dira han-hemenka, hala nola gorostia (Ilex aquifolium), lertxuna (Populus tremula) eta otsalizarra (Sorbus aucuparia). Trantsizio-eremuetan, pago (Fagus sylvatica) eta haritz kandudunen (Quercus robur) bat edo beste agertu ohi da. Ameztiek nahiko baso iluna sortzen badute ere, oihanpea oinez ibitzeko modukoa izaten da, zuhaixka gutxi eta belar ugarirekin. Deigarria da iratze arruntaren (Pteridium aquilinum) garrantzia, basope osoa betetzen duelako. Horrez gain, ohikoa da txilarra, otea eta bestelako muluak egotea, belarrekin nahaspilan.
Gipuzkoako ameztiak abereentzako belardiak sortzeko ebaki izan dira. Larre horiek landaretan aberatsak izaten dira; dena den, eremu azidoak izanik, oso lurzoru txiroak izaten dira, eta ongarritu egin izan dira ekoizpen handiagoa izan zezaten.
Larreak era estentsiboan larratzen badira edo larratzeari uzten bazaio, txilardia garatzen da. Larratze estentsiboarekin txilardiaren hazkuntza eta zabalkuntza mugatzen bada ere, abelburuak larretik atera bezain laster txilarrak nagusitasuna hartzen du. Gero, denbora-kontua da basoko espezieak gailentzen hastea, hala nola urkia (Betula pubescens), lertxuna (Populus tremula), sahats iluna (Salix atrocinerea), otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta gurbitza (Arbutus unedo). Gainera, ohikoak dira zumalakarra (Frangula alnus subsp. alnus), iratze arrunta, laharra (Rubus ulmifolius) eta elorri zuria (Crataegus monogyna). Urteen joanarekin, ordezkapen-basoa amezti bilakatzen da.
Ameztiak orokorrean egurra lortzeko erabili izan dira, nahiz eta gaur egun ehizarako eta perretxikotarako bakarrik erabiltzen diren.
Gaur egun, ameztiaren mehatxu nagusia basogintza modernoa da. Landaketa ugari egin dira ameztiaren eremuetan, eta, asko utzita badaude ere, beste asko oraindik basoko jardun intentsiboen menpe daude, hasi pisu handiko makinetatik eta substantzia kimikoetaraino.
Bada kareharrian haztera egokitua dagoen beste ametz bat ere: ametz (Quercus pubescens). Beste baso mota bat sortzen du, eta haren banaketa askoz mugatuagoa eta sakabanatuagoa da (ipar-mendebaldean eta hegoaldean agertzen da batik bat).