Hariztia

Hariztia. Raúl Domínguez Pazo.

Hariztiak baso garrantzitsuak dira Gipuzkoan; izan ere, berez, 600-700 m-tik beherako lur ia guztietan izan behar lukete nagusi. Dena den, baso horiei eman zaien erabilerarekin, haien banaketa-eremua izugarri murriztu da, haien ordez larre, hirigune, industrialde eta batez ere pinudiak baitaude gaur egun. Klima-baldintza heze eta leunak behar dituzte, hotz handirik gabeak; ondorioz, haranak eta eguterako magalak dituzte gogoko. Hariztiak berdin nagusitzen dira eremu aldapatsuetako lurzoru txiroetan zein ordokietako lurzoru aberatsetan.

Hariztiak ez dira bereziki ilunak izaten; ondorioz, oihanpe oparoa izaten dute. Hainbat belar, sastraka eta zuhaixka agertzen direnez, zaila izaten da basoa zeharkatzea.


Hariztiaren banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).

Gipuzkoako hariztiak bi taldetan banatzen dira, beren ezaugarrien arabera: batetik, lurzoru txiroetako hariztiak, eta, bestetik, lurzoru aberatsetakoak:

Lurzoru pobreetako hariztiak

Egun, Gipuzkoan, halako hariztien adibiderik onenak Leitzarango bailaran eta Oiartzungo eskualdean aurkitu ditzakegu, nahiz eta baso txikiak izan. Gipuzkoa osoan zehar daude hariztien hondarrak, baina orban apur horiek sakabanatuta ageri dira, eta, gehienetan, mendeetako ustiapenaren aztarnekin batera; zuhaitz lepatuekin batera, adibidez.

Gipuzkoan bada beste haritz bat: haritz kandugabea (Quercus petraea). Ez da inondik ere haritz kanduduna bezain arrunta, baina Legazpin bada baso eder bat. Haritz kandugabeak kandudunak baino eremu menditarragoak eta hotzagoak ditu gogoko.

Hariztiak lurzoru txiroetan sortzen dira; lur azidoetan, alegia (3,5-6ko pH-a). Lurzoru horiek, besteak beste, hareharri, kuartzita eta granitoetan sortzen dira; hau da, karerik gabekoetan. Lurraren ur kantitatearen eta basoaren altitudearen arabera, lur txiroetako hariztietan espezie ugari ager daitezke: eremu lehorrenetako arte eta ametzetatik, hezeenetako haltz eta pagoetaraino.

Lurzoru txiroetako hariztiak lurzoru aberatsetakoak baino sinpleagoak dira, hau da, oihanpea ez da horren egituratua, eta espezie gutxiago agertzen dira. Haritz kanduduna (Quercus robur) da zuhaitz espezie nagusia, eta argia arazo handirik gabe sartzen da haren adaburuetatik. Argi horrek hainbat geruzatako basobera oparoa sortzea ahalbidetzen badu ere, zuhaixka-geruza da mirrinena edo eskasena. Geruza horretan, batez ere, gorostia (Ilex aquifolium), elorri zuria (Crategus monogyna), zumalakarra (Frangula alnus subsp. alnus) eta makatza (Pyrus cordata) agertzen dira. Historikoki eman zaien erabileraren ondorioz, lur txiroetako hariztien ordez txilardietako zenbait espezieren sastraka-geruzak ikusten dira maiz. Geruza horretan, txilarra (Erica, Daboecia eta Calluna), ahabia (Vaccinium myrtillus), otea (Ulex europaeus eta Ulex gallii) eta iratzea agertzen dira. Igokari gutxi agertu ohi da, aker-aihen (Lonicera peryclimenum) eta huntzen (Hedera helix) bat; eta gauza bera gertatzen da epifitoekin, haritz-iratzeaz (Polypodium sp.) gain ezer gutxi egoten baita.

Landare zurkaren (zuhaitz eta zuhaixken) geruzek ez dute belar-geruza garatzen uzten, zuhaixka gabeko lekuetan izan ezik. Belar-geruza horiek lur txiroetako hariztietako bereizgarriak dira. Briofito ugari egoten da halako basoetan, harri eta enborrak bilduz, lurreko tapiz baten eran.

Historikoki, belardiak lortzeko helburuarekin suntsitu izan dira lurzoru pobreetako hariztiak. Ganaduaren laguntzaz, mantendu daitezke larre horiek, nahiz eta aziendarentzat balio energetiko txikikoak izan. Halako larreetan, lur txiroko belarrak hazten dira; Agrostis curtisii, Agrostis capillaris eta Carex pilulifera, esaterako.

Jarraiera ekologikoari dagokionez, ganadu-zama jaistean edota ganadua kentzean, oteek eta txilarrek indarra hartzen dute. Otadi-txilardi horiek eite altuagoa edo baxuagoa, eta izaera itxiagoa edo irekiagoa izango dute, ganadu-zamaren arabera. Sastrakadi mota hori Europako inguru atlantikoaren bereizgarri adierazgarrienetakoa da. Haren osaeran hainbat txilar eta ote agertzen dira; adibidez, txilar arrunta (Calluna vulgaris), txilar kantabriarra (Daboecia cantabrica), txilar purpura (Erica cinerea), txilar burusoila (Erica vagans) eta oteak.

Denborak aurrera egin ahala, pixkanaka, txilardi-otadiaren barnean zuhaixkak indarra hartzen joaten dira, eta, hala, elorri zuria, zumalakarra, laharra (Rubus ulmifolius), makatza eta isatsa (Cytisus scoparius) agertzen dira.

Zuhaixkak baino motelago, baina lehiakorrago, ordezkapen-basoetako zuhaitzak gailentzen dira, hala nola urki ileduna (Betula pubescens), lertxuna (Populus tremula), otsalizarra (Sorbus aucuparia), sahats iluna (Salix atrocinerea), zumalakarra, laharra eta elorri zuria. Behin basoak nagusitzean, denbora-kontua da haritz kanduduna gailentzea.

Lurzoru aberatsetako hariztiak

Lurzoru aberatsetako hariztiak lurzoru sakon eta aberatsetan bizi dira, mendi-oin, haran eta muinoetan, aldapa gutxiko tokietan betiere. Halako lurzoruek ura metatzeko gaitasun handia dute, baina, era berean, nekez basitzen dira. Lurraldeko lur aberatsenetan garatzen direnez, halako basoen galera oso handia izan da, eta, egun, orban batzuk soilik geratzen dira, han-hemenka.

Mendi-labarretan, baso mistoa gailentzen da, baldintza ezin gogorragoak direla medio ez baita zuhaitzik gailentzen. Hala, lizarra, zumarra, haritza, hagina, gereziondoa eta bestelakoak agertzen dira.

Lurzoru aberatsetako hariztiek oso egitura konplexua dute. Zuhaitzen artean haritz kanduduna gailentzen bada ere, lizarra (Fraxinus excelsior), astigarra (Acer campestre) edota ezki hostozabala (Tilia platiphyllos) maiztasun eta ugaritasun handiz ager daitezke. Zuhaitzen adaburuek hainbat geruzatako sabai itxi antzekoa sortzen dute. Bigarren geruza zuhaitz gazteek osatzen dute; orokorrean, aurrez aipatutako espezieen ale gazteak izaten dira, nahiz eta hurritza (Corylus avellana) eta gorostia ere agertzen diren. Zuhaixka-geruza oso itxia izaten da, eta, beraz, ia zeharkaezina. Geruza horretan, laharra, elorri zuria, arrosa (Rosa sp.) eta beste hainbat espezie arantzadun ere agertzen dira, eta, denek batera, zuhaixken nahas-mahas arantzatsu bat sortzen dute. Igokarien geruza oso garrantzitsua da, eta huntza da nagusi, baina aker-aihena eta aihen zuria (Clematis vitalba) ere agertzen dira. Igokariez gain, zuhaitzetan mihura (Viscum album) eta haritz-iratzea agertzen dira. Geruza belarkara ere ugaria eta askotarikoa da, eta geruza horretan agertzen dira iratze handia, gramineoak eta belar hostozabal batzuk. Horri guztiari esker, lurzoru aberatsetako hariztia Gipuzkoako dibertsitate handieneko basoetariko bat da.

Antzinatik gaurdaino, belardiak lortzeko suntsitu izan dira basoak. Zabartutako larreak dira, eta ganaduarentzat ez dira oso aproposak. Larreetan, albitz-belarra (Brachypodium pinnatum subsp. rupestre) gailentzen da, eta itzal eta ezpondetan agertzen dira, adibidez, oreganoa (Origanum vulgare), usu-belarra (Agrimonia eupatoria), Centaurea debeauxii, Campanula glomerata, gaitun txikia (Sanguisorba minor) eta Satureja vulgaris.

Larreen balioa handitzeko eta lekadun landare gehiago hazteko helburuarekin, larratze intentsibora bideratzen dira belardiak. Horrela, urte guztian larreak berde mantentzea lortzen da. Gainera, belardiak urtean pare bat aldiz ebaki daitezke, eta hala lortzen da negurako belar ondua.

Larratzeari uzten bazaio, berehala hasten da laharra hazten, eta, denborarekin, elorri zuria zein beltza (Prunus spinosa) agertzen dira. Sastrakadia baso bilakatzen hastean, hurritza, lizarra, astigarra eta haritz kanduduna ere agertzen dira, harik eta azkenean lurzoru aberatseko harizti bilakatu arte.

Lurzoru aberatsetako hariztia Gipuzkoako baso dibertsoena da, baina baita urriena ere, nekazaritzarako lur aproposenak direlako. Horregatik, gaur egun, halako hariztien aztarnak lurraren tolesturetan soilik aurkitu daitezke, nekazaritzatik eta basogintza modernotik ihes eginda. Halako hariztietan, gainera, interes bereziko flora aurkitu daiteke; xarma (Carpinus betulus), esate baterako (EAEn galtzeko arriskuan dagoena).

Inguruaren ustiapenak bidea eman dio paisaia bereizgarri bati, baserriari lotutako landazabal atlantikoari. Paisaia horrek, erabat kulturala izanagatik, kalitate estetiko handia du, eta biodibertsitate handia biltzen du. Mosaiko erako paisaia da, eta nekazaritzako lurrak, baratzeak, fruta-arbolen sailak eta sega-belardiak biltzen ditu. Mosaikoko elementuen artean, heskaiak, basoxkak, bideak eta ubideak agertzen dira. Horrenbestez, sistema horrek sortutako produktuen dibertsitateak han bizi den jendearen beharrizan ia guztiak asetzeko balio izan du tradizionalki. Paisaia mota hori azkar batean ari da murrizten eta degradatzen, ustiaketen intentsifikazioaren ondorioz.

Hariztiko espezieak