Pagadia

Pagadia. Raúl Domínguez Pazo.

Pagadiak baso garrantzitsuak dira Gipuzkoan; izan ere, berez, 600-700 m-tik gorako lur guztietan izan behar lukete nagusi, lurraldearen hegoaldeko magal eguzkitsuenetan izan ezik. Klima epeleko tenperatura freskoak dituzte gustuko; lurzoruarekiko eta maldarekiko independenteak dira, eta prezipitazio ugariko lekuak behar dituzte. Pagadiek urte osoan behar dute hezetasuna, baina hezetasun hori maiz ez da euritik etortzen, behe-lainotik baizik. Lainoak dakarren ura hostoetan, enborretan eta orbelean kondentsatzen da, eta, tantak lurrera erortzean, lurra hezetu egiten da. Prozesu hori bereziki garrantzitsua da udan, estres hidrikoa lasaitzen laguntzen duelako.

Pagadiak tamaina handiko eta adaburu zabaleko pagoz (Fagus sylvatica) osatuta daude nagusiki. Zuhaitzek itzal handia ematen dute, eta pagadietako zorua orbelez estalia egoten da beti. Itzala hain izaten da handia, oihanpean ezer gutxi hazten baita, eta, hori dela eta, erraz ibiltzeko moduko basoak izaten dira.

Pagadiaren banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).

Gipuzkoan baditugu bi pagadi mota: lurzoru txiroetakoak eta lurzoru aberatsetakoak. Bien arteko aldea lurzoruan eta, horrenbestez, oihanpeko landaredian dago. Lurzoru txiroetako pagadietan ez da ia pagoa beste landarerik ikusten; zuhaixka edo belarren bat besterik ez. Halako basoetan, lurzorua oso txiroa izaten da, eta, asko aldapan egon ohi direnez, mantenugaien lixibiazioa handia da. Lurzoru aberatsetakoek ere nahiko oihanpe biluzia dute, baina, lurzorua aberatsagoa izaki, zuhaixka eta belar gehiago agertzen dira. Ama harria lurzorutik gertu agertzean, belar- eta zuhaixka-orbanak ikusten dira. Gipuzkoan, lurzoru txiroetako pagadiak dira ugarienak.

Bien arteko aldea begi hutsez ikustea zail gerta daiteke agian; beraz, hona hemen baso biak desberdintzeko gidalerro batzuk.

Lurzoru txiroetako pagadiak

Lurzoru txiroetako pagadiek honako ezaugarri hauetakoren bat izaten dute: oso zuhaixka gutxi, ia belarrik ez, txilarrak (Calluna, Erica, Daboecia) eta ahabiak (Vaccinium myrtillus), eta, udaberrian, baso-anemona (Anemone nemorosa).

Lurzoru txiroetako pagadia erabat deuseztatzen bada, eta hala egin izan da Gipuzkoan, belardiak sortzen dira. Belardiak ustiatuta, artzaintzarako eta abeltzaintzarako larreak sortu dira. Inguruko baldintzen arabera, hainbat larre mota sor daitezke, betiere espezieetan aberatsak direnak; hona hemen esanguratsuenak: Festuca nigrescens subsp. microphylla, Agrostis curtisii, Carex pilulifera eta Nardus stricta. Larreak ustiatzeari utzi eta berehala, halako eremuek pagadirako bidea hartzen dute. Bide horretan lurzorua kaltetuta badago, ahabiadun otadi-txilardia garatzen da. Denborarekin, txilardi altua sortzen da, eta txilar ohikoena zurikatxa (Erica arborea) izaten da. Txilardi altu horietan, iratze arrunta (Pteridium aquilinum) ere ugari izaten da. Pixkanaka, zuhaitz-espezieak agertzen dira; esaterako, ahuntz-sahatsa (Salix caprea), lertxuna (Populus tremula) eta urki iletsua (Betula pubescens). Zuhaitz horiek hazkuntza azkarrekoak dira, eta pagoa baino lehenago nabarmentzen dira; hala ere, urteekin, pagoa gailentzen da.

Lurzoru txiroetako pagadiak babestuta daude Habitatei buruzko Zuzentarauan (92/43/EEE), Europan baso bakanak direlako eta Europar Batasunaren intereseko espezieak dituztelako, hala nola lilipa (Narcissus pseudonarcissus subsp. pseudonarcissus).

Lurzoru aberatsetako pagadiak

Lurzoru aberatsetako pagadiek honako ezaugarri hauetakoren bat izaten dute: belar-geruza (jarraitua, gehiago edo gutxiago), kareharria bistan, garatxo-belarra (Daphne laureola) edota zuhamuxka gutxi batzuk.

Lurzoru aberatsetako pagadiak suntsitzean, belardiak sortzen dira, eta, larreak sortzen direnean, hainbat motatakoak izan daitezke, harriaren, lurraren sakoneraren, giza erabileraren eta altitudearen arabera. Lurzoru sakonenetan, larre jarraituak sortzen dira, eta ardiak bazkatzen dira batez ere, baina baita behor eta behiak ere. Larratzeari uzten bazaio, habitatak pagadiranzko bilakaera hasten du. Lehenik, txilarrez eta otaberaz (Genista hispanica subsp. occidentalis) osatutako sastrakadia agertzen da, gramineo gogorrekin (Helictorichon cantabricum eta Sesleria argentea subsp. hispanica, adibidez). Denboraren joanarekin, sastrakadia zuhaixkadi arantzatsu bilakatzen da, eta elorri zuri (Crataegus monogyna) eta beltzak (Prunus spinosa) agertzen dira. Landare horiek azienda-larreetan ere egon ohi dira, eta, orokorrean, sakabanatuta egoten dira eta tamaina handikoak izaten dira. Zuhaixkadia itxiz joan ahala, pago aleak agertzen dira, eta, urteen poderioz, baso bihurtzen da.

Pagadiak egurra lortzeko erabili izan dira azken mendeetan; adibidez, eraikuntzarako, ikazkintzarako eta itsasontzigintzarako. Pagadiak botata, larre ugari ere sortu dira abeltzaintza estentsiborako; Aizkorri, Aralar, Altzania, Elgea, Erlo-Izarraitz, Zaraia eta Urkilla, kasurako. Gaur egun, larreak gutxi-asko mantentzen ditugu, baina pagadi izandako asko espezie exotikoen landaketak dira. Halako eremuetan sartu dira haritz amerikarra (Quercus rubra), alertze japoniarra (Larix kaempferi), Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) eta Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), adibidez.

Pagadiko espezieak