Basoa, urte guztiko irakaslea
Basoek urte guztian inguratzen gaituzte; ez dira mugitzen, baina aldatu egiten dira, eta asko, gainera. Kolore-aldaketa nabarmenak jasaten dituzte, eta forma eta elementuak ere aldatzen zaizkie. Gainera, Gipuzkoako baso- eta landare-dibertsitate handiak aukera ematen du urte guztian basoaz gozatzeko, aldaketa txiki-handi horietaz ohartzeko. Horren lagungarri, hilabete bakoitzean egin daitekeen ekintza bat proposatzen da atal honetan.
Urtarrila: garai aproposa da artelatza (Q. suber) ikusteko. Hostoiraunkorra da, eta oso azal berezia du. Zarautz-Getaria aldean ibiliz gero, ziur baten bat ikusiko duzula!
Otsaila: garai ona da hostoiraunkorrak ikusteko, hostogalkorren artean nabarmentzen direlako. Konifero ugari landatu dira Gipuzkoan; ea otsailean zenbat aurki ditzakezun!
Martxoa: negua amaitu baino lehen agertzen dira lore goiztiarretan goiztiarrenak; ba al dakizu zein diren? Lore horiek ikusteko, pagadietara joan behar da, eta pagadirik handienak Gipuzkoako hegoaldean aurkituko dituzu, Aizkorri-Aratzen edo Aralarren!
Apirila: lizarraren kimu beltzak aurkitzeko garai aproposa da apirila. Ziurrenik, etxetik oso gertu baduzu lizarren bat. Behin aurkitu duzunean, joan zaitez berriro handik denbora batera, basoak hostoz janzten ikusten dituzunean. Zer gertatu da kimu beltz horiekin? Zer atera da haietatik?
Maiatza: pagoaren hostoaren berdea baino gauza politagorik gutxi izango da. Hosto berri horiek badute bereizgarri bat: zeharrargiak dira. Joan eta ikusi!
Ekaina: ezagutzen al dituzu iratze edo garoak? Loratzen al dira? Garaiz zaude galdera horri erantzuteko. Eman buelta iratzearen frondeari: zer du azpian?
Uztaila: udako egunetan, zer hoberik leku freskoetara joan baino? Basoan, goroldioek adieraziko digute freskotasuna non den; gurean, iparraldera begira egoten dira. Behatu goroldioei, eta ea benetan iparraldera begira dauden. Goroldioak aurkitzen badituzu, fresko egongo zara behintzat.
Abuztua: baso guztiak berdinak al dira? Hona hemen erronka bat: alderatu pagadi bateko oihanpea artadi bateko edo harizti bateko oihanpearekin. Kontatu bakoitzean zenbat landare espazio ikusten dituzuen metro koadro bakoitzean.
Iraila: ohituta gaude gaztainak ikustera, baina zenbat zuhaitzek sortzen dituzte gaztainak? Dagoeneko ezagutzen duzu gaztainondoa; aurkitu, bada, gaztainak sortzen dituen beste zuhaitz bat. Nongoa da?
Urria: urria izan liteke gorostia ezagutzeko garairik egokiena. Oihanpeko zuhaixka honek fruitu gorri-gorriak emango ditu, eta bereziki ikusgarri egongo da. Baina kontuz! Ale guztiek ez baitute fruiturik ematen… Zergatik ote? Gorostia pozoitsua da; beraz, ez jan haren fruiturik!
Azaroa: udazken bete-betean landareek jo eta ke dihardute fruituak ematen. Zenbat fruitu mota ikusten dituzu inguruko basoetan? Berdinak al dira fruitu guztiak? Zer kolore, forma eta usain dute?
Abendua: hostogalkorrek galdu dituzte hostoak, eta hostoiraunkorren hostoek badiraute. Baina bada tarteko ezaugarriak dituen espezie bat. Hostoak ihartu egin zaizkio, eta badirudi haize-ikara batek eramango dituela, baina dagoeneko abendua da, eta oraindik hemen daude. Noiz arte egongo dira hemen? Ametza zer da, hostogalkorra ala hostoiraunkorra?
Urte osorako: aukeratu zuhaitz bat, eta joan urtaro bakoitzean bisita bat egitera. Nola dago? Aurreko urtaroan bezala? Marrazki bat eginda, xehetasun guztiekin gogoratuko zara!