Landaketak

Landaketak. Raúl Domínguez Pazo.

Gipuzkoako lurraldearen luze-zabal osoan daude landaketak, lurraldeko mendi-hegal gehienetan. Egun, Gipuzkoako lurren ia erdiak landaketak dira (% 45). Haran eta gailur altuenetan izan ezik, bien tarteko leku gehienetan egin dira landaketak, 200 eta 600 m-ko altueren artean.

Oraindik ere, Gipuzkoako natura-parke guztietan daude landaketak (Pagoeta, Aiako harria, Aralar, Aratz-Aizkorri), eta bestelako kontserbazio-eremuetan ere ugari daude, hala nola Jaizkibelen, Izarraitzen, Hernio-Gazumen, Garate-Santa Barbaran, Inurritzan, Oriaren itsasadarrean, Leitzaran ibaian eta Arnon. Landaketek tokiko basoak ordezkatu dituzte, esan bezala, natura-ondarea kontserbatzeko eremuetan.

Joan den mendeko 50eko hamarkadan, baserritarren bizimodua autokontsumotik merkatu-erregimenera igaro zen. Laborantza-lurrak utzi, eta intsinis pinua (Pinus radiata) landatu zen, lurrak errentagarriago bilakatu nahian. Landaketa gehienak jabetza pribatuko lursailetan egin ziren, eta hala diraute. Landaketek 1950eko hamarkadan jo zuten goia.

Landaketen banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).

Landaketen egitura oso adierazgarria da. Zuhaitz guztiak lerrokatuta egoten dira, eta lodiera antzekoa izaten dute; adin bertsukoak dira, alegia. Orokorrean, azpialdean ez dute adarrik izaten, zuhaitzei zuzen haztea komeni izanda kimatu egiten dituztelako. Landaketa zainduetan, oihanpea ere oso txiroa izaten da, garbitu egiten delako. Hala ere, espeziez espezie izugarri alda daiteke landaketa baten itxura. Intsinis pinuaren kasuan, landaketak nahiko argitsuak izaten dira, eta oihanpea erraz etortzen da. Lawson altzifrearen (Chamaecyparis lawsoniana) landaketak, ordea, oso itxiak eta ilunak dira; horregatik, basopean ezer gutxi hazten da.

Azken urteetan, pinuaren prezioa jaitsiz joan da; egun, garai onenetan ordaintzen zenaren % 15 ordaintzen da. Prezioaren etengabeko jaitsierak landaketak aktiboki kudeatzeari uztea ekarri du. Utzikeria horrek basope haztea, landatutako zuhaitzak okertzea eta hiltzea ekarri du. Zuhaizti horiek gaur egun ez dute ekoizpenerako balio, eta landaketa zaharrenetan egur hil ugari sortzen da, bai zutik, baita lurrean ere.

Utzitako landaketek ekoizpenerako balio ez arren, azpitik datozen sasiek eta hildako zuhaitzek baso izateko bidean jartzen dute landaketa. Egur hilak, lurra ongarritu, eta tokiko espezieak haz daitezen laguntzen du. Gainera, egur hilak intsektuak erakartzen ditu, eta intsektuek, berriz, hegazti eta ugaztunak. Funtsean, landaketen utzikeriak balioa ematen dio naturari.

Esan bezala, landaketa gehienak zahartzen eta usteltzen hastean, tokiko espezieak hazten dira. Hala ere, zenbait kasutan, ezinezkoa izaten da tokiko basoak aurrera egitea. Horren adibide garbienak dira eukaliptoen (Eucalyptus spp.) eta sasiakazien (Robinia pseudoacacia) landaketak. Eukaliptoak ur kantitate izugarria kontsumitzen du; gainera, bere orbelak lurra iragazgaizten duenez, ura lurrazaletik isuri, eta higadura handitzen da. Mozketa-txanda motzek (10-12 urte) higadura oso handia dakarte. Halako praktikekin, lurzoruak erabat elkortzen dira, eta horri mozketa-txandak gehituta ez dago ez denborarik ez elikagairik tokiko espezieak haz daitezen. Sasiakaziaren kasuan, landare inbaditzaile transformatzailea da. Bera hazten den lekuan habitata hainbeste eraldatzen du, ez baitio beste ezeri hazten uzten.

Hauek dira Gipuzkoako landaketetan gehien landatzen diren espezieak: intsinis pinua (Pinus radiata), Larizio pinua (Pinus nigra), alertze japoniarra (Larix kaempferi), Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii), haritz amerikarra (Quercus rubra) Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana), sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta eukalipto urdina (Eucalyptus globulus).

Orokorrean, landaketa guztiak paper-orea egiteko erabiltzen dira. Intsinis pinuaren egurra eraikuntzarako edo bilgarriak egiteko ere erabiltzen da. Landaketa gehienetako enbor edota egur zati lodienak zerratarako erabiltzea aurreikusi zen.

Landaketetako espezieak