Hezkuntza eskaintza

Basoa eta klima-aldaketa

Basoa eta klima-aldaketa lantzeko jarduera didaktikoa, arazoetan oinarritutako metodologiarekin.

Unitate didaktiko hau basoen eta klima-aldaketaren ezagutzaren ingurukoa da. Ikasleek basoen klima-aldaketaren dinamikak ezagutuko dituzte, horretarako antolatutako ikerketa-proiektu baten bitartez. Ikerlanak hiru zati izango ditu: lehenengoan basoen eta klima-aldaketaren inguruko aurre ezagutzak landu eta hipotesiak egingo dira, bigarrenean hipotesia testatzeko datu bilketa egingo da (basoan), eta azkenik datuak tratatu eta emaitzak aurkeztuko dira.

Proiektu hau hezkuntzara bideratuta dago batez ere, hasi Lehen Hezkuntzatik eta Batxilergo edo Lanbide Heziketako ikasleei eta euren irakasleetaraino, eta basoen ezagutzan eta horien klima erregulatzeko gaitasuna aztertuko da esperimentalki. Ekimen honetan zeharkako hainbat konpetentzia landuko dira, zuzenekoak zein zeharkakoak, hala nola, zientziarakoa, hizkuntza-eta literatura-komunikaziorakoa, ikasten eta pentsatzen ikastekoa eta elkarbizitzarakoa.

Basoa eta klima-aldaketa egitasmoa "GURE BASOAK. Gipuzkoako basoen eta basoko landareen gida" liburutik sortu da, baina landarediak gizakion mugak gainditu eta luze bezain zabal hedatzen da. Horregatik, ez da soilik Gipuzkoako ikasle-irakasleentzako pentsatutako proiektua, Euskal Herri osoko eskoletan landu daiteke.

Arloa: Biologia eta geologia

Iraupena: 8 ordu inguru

Edukiak:

  1. Biodibertsitatea

  2. Ziklo biogeokimikoak

  3. Giza jarduera eta ingurumena. Inpaktuak.

Zaindu dezagun basoa

Haur Hezkuntzarako Basoaren garrantzia lantzen duen jarduera didaktikoa.

Jarduera didaktiko honek basoa, psikomotrizitatea eta bizipenak uztartzen ditu. Haurrek basoaren garrantzia, natura eta gure ingurunea ezagutuko dituzte psikomotrizitatean oinarritutako jarduera batzuen bidez.

Proiektu hau Haur Hezkuntzara bideratuta dago. Ekimen honetan hainbat konpetentzia landuko dira, zuzenekoak zein zeharkakoak, hala nola, zientziarakoa, sozial eta zibikoa, konpetentzia motorra, hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziokoa eta elkarbizitzarakoa.

Euskal Herri osoko eskoletan landu daiteke.

Arloa: Biologia

Iraupena: 2 ordu inguru

Edukiak:

  1. Basoaren garrantzia

  2. Giza jarduera eta ingurumena. Inpaktuak

Informazio gehiagorako:

Botanika Saila

botanika@aranzadi.eus

Zorroagagaina, 11 Tel. +34 943 466 142

20014 Donostia www.aranzadi.eus/eu