Artadia
Artadia. Raúl Domínguez Pazo.
Gipuzkoako artadiak oso bereziak dira; izan ere, artadiak baso mediterraneoak dira, eta, beraz, gure lurraldekoak «lekuz kanpo» daude. Klimari eta lurzoruko baldintzei esker, artadia kostaldean ere atera da, batez ere kareharrizko mendigune karstikoetan; Mutrikutik Zarautza, esaterako. Nabarmentzekoa da barnealdean ere badela artadirik; Ataungoa, adibidez.
Gipuzkoako eremuetan, arteak euri asko jasotzen du, eta urte guztian zehar, gainera. Mediterraneoan, aldiz, euri gutxiago egiteaz gain, garai lehorra pasatu behar izaten du udan. Horregatik, Gipuzkoan, artea lur lehorrenetan agertzen da, kareharrizko lurzoru trinkoetan eta flyschetan. Eremu horietan, euri asko eginagatik, urak berehala egiten du ihes, bai azaletik, baita lurpetik ere.
Kostaldetik barnealdera espezieen presentzia alda daiteke, tenperatura-aldaketagatik. Barnealdean hotz handiagoa egiten duenez, berozaleak desagertuz joan ohi dira. Kostaldeko flyschean, artadiaren aldaera oso berezi bat aurkitu daiteke: artelatza edo arkamurka (Quercus suber) gailentzen den basoa. Espezie horrek ere, batzuetan, basoak sor ditzake.
Artadiaren banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).
Artadi kantauriarrak garaiera txikiko basoak izaten dira (8-10 m), eta oihanpea erabat korapilatua dute. Gipuzkoako artadietako enbor-dentsitate handiek eta enbor meheek adierazten dute gazteak direla. Zuhaitz ugari egoteaz gain, zuhamuxka eta igokari asko ere badaude, eta oso argi gutxi sartzen da baso barrura. Urte osoan zehar da baso itzaltsua; izan ere, artea (Quercus ilex) eta gainerako landare egurkara guztiak hostoiraunkorrak dira. Igokarien artean ohikoenak endalarra eta huntza dira; izan ere, oihanpe osoa har dezakete, eta, askotan, adaburuetatik lurreraino ere iristen dira; horrenbestez, igaroezinezko errezel bat osatzen dute. Artadietan, geruza belarkara oso ahula da, itzalagatik, eta garoa, gramineoak eta itzalpera ondo moldatutako landare batzuk bakarrik bizi dira bertan.
Arteaz gain, nekez gailentzen da beste zuhaitz espezierik. Zuhamuxka batzuk soilguneetan eta baso bazterretan ager daitezke artearekin lehian; erramua eta gurbitza (Arbutus unedo), adibidez. Zuhaitzekin batera, hainbat zuhaixka ere agertzen dira: gartxu hostozabala (Phillyrea latifolia), txorbeltza (Rhamnus alaternus), erratza (Ruscus aculeatus), arrosa (Rosa sempervirens) eta abar.
Historian zehar, larreak lortzeko deuseztatu da artadia. Larreetan azienda edukitzen bazen ere, artadietako belarra ez dute oso gustuko. Ahuntz eta behorrak bazkatu izan dira halako larreetan; izan ere, ez dute kalitate handiko zelairik eskatzen. Larreak uztean, zuhaixkadi bat sortzen da, eta, bertan, gurbitza ateratzen da batez ere. Hala ere, gartxu hostozabala eta artadiko beste espezie batzuk ere agertzen dira. Azkenean, denboraren joanak arteari egiten dio mesede, motel baina tinko hazten baita eta gainerako landareak menderatzen baititu.
Artadiak asko ustiatu izan dira historian zehar. Haien onura nagusia egurretik atera da. Egurra, batez ere, sutarako eta kalitate altuko ikatza egiteko erabili izan da; burdingintzarako, besteak beste. Ondorioz, gainustiaketa dela medio, XX. mendera iristean Gipuzkoan ez zen ia artadirik. Etxeetan egurra erabiltzeari utzi eta industrian bestelako erregaiak sartzean, artadien gaineko presioa kolpean desagertu zen, eta, gaur egun, haiek dira altitude txikietan hoberen kontserbatutako basoak. Artadien egoera ona beren bizitokiko lur ezin okerragoei zor zaie. Izan ere, oso leku harritsu eta aldapatsuetan hazten dira; beraz, lurzorua oso mehea da, eta ez du balio ez nekazaritzarako ezta landaketetarako ere. Dena den, egun ere badute mehatxurik; harrobiak, esaterako.
Artadien egitura berezi eta itxia oso aproposa da hegazti eta ugaztunentzat; beraz, artadiek balio handia dute, bai fauna aldetik, baita flora aldetik ere. Izan ere, baso-habitat mediterraneoa izanda, espezie batzuk artadian bakarrik agertzen dira.
Flyschetako artadiak dira urrienak, eta, gainera, okerren kontserbatutakoak. Hala ere, halakoetan artelatza agertu ohi da, eta, gainera, tarteka basoak ere eratu ditzake. Gipuzkoan, Meagan dago artelatz-basotzat har daitekeen eremu bakarra. Beste arkamurka-basorik ikusi nahi bada, Asturiasko edota Landetako artelatz-basoetaraino joan behar da.
Artadi kantauriarrak hoberen kontserbatutako baso-habitatak dira Gipuzkoan, joan den mendean artadiak erabiltzeari erabat utzi zitzaiolako.
Artadiak babestuta daude Habitatei buruzko Zuzentarauan (92/42/EEE), Europan baso bakanak direlako.