Haltzadia

Haltzadia. Raúl Domínguez Pazo.

Haltzadia erreka ertzeko basoa da, iturburutik hasi eta itsas mailara arte heda daitekeena, nahiz eta ez den 700 metro ingurutik gora agertzen. Izan ere, gorabehera gutxiko klima epel eta euritsuetan gailentzen da, erreka bazter eta lur basituetan. Eremu horietan, lurzoruko hutsune eta zulo guztiak urez betetzen dira, eta, urak oxigeno gutxi daramanez, lurra berehala geratzen da oxigenorik gabe. Egoera horretan, haltza beste espezieei nagusitzen zaie, oxigenoa hostoetatik sustraietara garraiatzen duelako.

Haltzadietako egiturari dagokionez, oso baso ilun, korapilatsu eta itxiak dira. Dena den, ibarrik zabalenetan, argia ibaitik sartzen da. Gipuzkoako haran gehienak oso estuak dira; beraz, haltzadiek gutxitan izango dute pare bat zuhaitz lerro baino gehiago.

Haltzadi garatuen zuhaitz geruzan, haltza (Alnus glutinosa) da nagusi, nahiz tarteka-marteka lizarra (Fraxinus excelsior) edo sahats iluna (Salix atrocinerea) ere agertu. Kareharrizko trokarteetan, baina, lizar eta zumar hostozabalak (Ulmus glabra) gailentzen dira. Haltzadiaren oihanpean zuhaixkak oparo hazten dira, uretako eta lurzoruko mantenugaien aberastasunagatik (berezkoa zein haltzak berak eragindakoa). Zuhaixken artean ugari dira arantzadun eta igokariak. Belar geruza ere joria da, eta ezpata-belar (Carex pendula) eta iratze asko egoten da.


Haltzadiaren banaketa potentziala (gris iluna) eta banaketa erreala (gris argia).

Haltzadia desegiten edo degradatzen bada, hainbat motatako komunitate belarkarak sor daitezke, gizakiaren erabileraren arabera: ihitoki, megaforbioak edota geruza belarkarak. Denborarekin, sahats ilunak hazten hasten dira, eta, hazkuntza azkarrekoak izaki, denbora gutxian sortzen dute sahastia. Sahasti horietan ohikoak izaten dira intsusa beltza (Sambucus nigra) eta laharrak (Rubus ulmifolius). Denbora kontua da sahastia haltzez jostea eta erreka edo ibai bazterrak haltzadi bilakatzea.

Haltzaren egurra jabe pribatuek erabili izan dute gehienbat, eta urpeko erabilera eman zaio. Beraren egurra aire zabalean oso erraz usteltzen bada ere, uretan oso iraunkorra da. Horregatik, berebiziko balioa izan du Venezian eta antzeko hirietan. Gainera, haltzaren egurretik lortzen da bolbora egiteko ikatzik onena, eta, halaber, tanino asko dituenez, tinta beltza egiteko ere erabili izan da. Haltza, gaur egun, balio gutxiko egurra da, eta, ondorioz, gutxietsi egiten da, errentagarritasun ezagatik.

Tradizioz, haltzadiak baratze edo belardi bihurtu dira, eta, horregatik, haltzadien errepresentazioa oso eskasa da egun Gipuzkoan. Hori gutxi ez, eta haltzadi askotan landatu izan da platano arrunta edo alboa (Platanus hispanica), XVIII. mendearen inguruan Europan hibridazioz sortua eta haltzadietan neurrigabe zabaltzen ari dena. Gainera, haltzadiaren egitura ere aldatzen du, eta, arrazoi horiengatik guztiengatik, landare inbaditzaile izendatu zen EAEn.

Haltza, lur oso txiroetan bizi daiteke sustraietako bakterioei esker. Actinomyces generoko bakterioak haltzaren sustraietako nodulutan bizi dira, sinbiosian. Bertan aireko nitrogenoa finkatzen dute, eta horrela lurra aberasten dute. Nitrogenoa oso oparoa da atmosferan, ez ordea lurzoruan; ondorioz, bakterio hauek garrantzia handia dute lurreko nitrogeno eskuragarritasuna handitzen dutelako. Elkarte sinbiontikoak eta bere jardunak sustraiei kolore gorri bereizgarria ematen diete.

Haltzadiko espezieak